Loreak asmatzen: Naturzale europarrak Euskal Herrian

Crataegus sp. (laevigata?), Elorri zuria

Crataegus sp. (laevigata?)Crataegus sp. (laevigata?), Elorri zuria

Crataegus sp. (laevigata?)
Elorri zuria
Bubanik emandako izena: Oxyacantha dioscoridis o matthioli

Beste izen batzuk: abilluri, arantzuri, ilurri, illurritze, ainurriatze, arantza, arantzalar, gabilluri, arantzuri, ilurri, illurritze, ainurriatze, arantza, arantzalar, gurrillona, aranzibia.

Informazio gehiago:

Bubanik jasotako landareak

  • BU_12_Crataegus_sp.jpg
  • BU_12_Crataegus_sp_c.jpg

Deskribapena

Grekoko kratos, indartsu, sendo, hitzetik, datorkio izena. Bere eite arantzatsua eta zur gogorra direla eta. Laevigata hitzak azal leun dotore eta irristakorra duela dio.
Landare honek ondo eusten die haize indartsu eta kutsadurari, baina kresalak kalte handia egin diezaioke. 500 urte arte bizi daiteke eta oso erabilgarria da hesiak egiteko. Mizpira eta udare mentuoin edo txertagai bezala erabiltzen da.
Fruituekin mermelada eta kafearen ordezko bat egin daiteke. Fruituak lehortzen direnean eta irinarekin nahastuta ogia egin daiteke. Hosto berriak entsaladarako gehigarri bezala eta tea egiteko erabil daitezke.
Gaitz askotarako balio duen garrantzi handiko sendabelarra da, baina batez ere bihotzaren inguruko kontuengatik da goraipatua. Herri kulturan aspalditik erabiltzen bazen ere, XIX. mendetik aurrera ikusi zen benetan erabilgarria zela bihotzeko gaitzentzat. Gaur egun, elorriaren loreak 200 sendagai baino gehiagotan aurki daitezke eta azterketa askok erakutsi dute bere erabilgarritasuna. Bihotz erritmoa erregulatzen du, zirkulazioa hobetu eta bihotza bera indartu. Hipotensorea da, kardiotonikoa, estresaren aurkakoa eta lo eragilea.
Ginkgo bilobarekin batera, memoria kaxkarraren aurka erabiltzen da, burmuinerako odol jario indartuz. Azalarekin malaria eta beste sukarren kontrako sendabideak egiten dira.
Egur oso gogorra du. Tresna txikiak eta beren heldulekuak egiteko interes handikoa. Erregai bikaina da. Egur honekin egindako ikatza nahikoa omen da burnia urtzeko, beste ezeren laguntzarik gabe. Beren gogortasuna dela eta arantzak iltze bezala erabili izan dira.

Landare honen bizi lekua

Sasiak: Zuhaiska eta zuhaitz gazteak tartean hartzen dituen sasitza edo sastrakadia. Gehienetan txilar, ote, zuhandor eta antzekoen gainean garatzen diren lahar eta aihena duten landareak dira nagusi.
Informazio gehiago

Itzuli